ESPEZIALITATEAK
Estresa eta antsietatea
Zer da estresa?

Zure ongizaterako ikuspegi berri bat
Estresa gure ongizaterako mehatxu gisa hautematen dugun egoera baten aurrean
aktibatzen diren erantzun psikofisiologikoen multzoa da. Beste era batera esanda,
gorputzaren erantzun naturala da eta arriskutsutzat jotzen dugun egoera bati aurre egiteko prestatzen gaitu. Jarduteko eta egoera horri aurre egiteko indarra ematen digu.
Estresa sortzeko gorputzak hainbat arlo aldatzen ditu, besteak beste, sistema
fisiologikoa, neuroendokrinoa eta psikologikoa. Hortaz, prozesu konplexua da. Gorputz sistema ezberdinak aktibatzen dira estresak oinarrizko funtzioa duelako. Zergatik? Espezie gisa bizirauten lagundu digulako arriskuaren aurrean erne mantenduz. Gure ongizateaz arduratzen den eta onuragarria den aliatu naturala da.
Gure erosotasun eremutik ateratzen garenean eta egoera berriari arrakastaz aurre egin ahalko diogun ziur ez gaudenean jasaten dugun erreakzioa da. Estres erantzuna aktibatzeko, garunak egoera mehatxagarri gisa hauteman behar du, eta hori gertatzeko aukera gehiago dago lehen aldiz zerbait bizi dugunean. Beraz, normala da estresatuta sentitzea aldaketa garaian edo lehen aldiz zerbait berriarekin topo egiten dugunean.
Estresaren arrazoiak
Ebaluazio pertsonala jokoan sartzen denez arrazoiak oso ezberdinak izan daitezke. Goian aipatu dudan bezala, erantzun hau aktibatzeko garunak egoera mehatxagarri gisa ebaluatu behar du, baina hori pertsona batetik bestera alda daiteke.
Egia da mendian ibilaldi batean otso batekin topo egiteak edonor estresatuko lukeela. Era berean, urpekaritzan ari garen bitartean airea bukatzear gaudela konturatzea estresagarria izango litzateke. Denok mehatxagarri gisa hautematen ditugun egoerak daude. Baina eguneroko bizitzan, normalean muturreko egoera horiek bizi ez ditugun lekuan, subjektibotasunak garrantzi haundia hartzen du egoerak arriskutsuak diren edo ez erabakitzeko.
Subjektibotasunaz hitz egiten dudanean egoera nola ebaluatzen dugun, aurre egiteko dugun gaitasuna, arazoak konpontzeko dugun estiloa, sare sozial sendoa dugun ala ez, eta abar aipatzen ari naiz. Ezaugarri subjektibo horiek guztiak garrantzitsuak dira, egoera edo gertaera bat nola ebaluatzen dugun baldintzatzen baitute.
Estresa eta antsietatearen arteko desberdintasunak
Antsietatea egoera estresagarrietan sentitzen dugun emozio nagusia da; nola sentitzen garen alegia. Urduritasuna, beldurra, hiperzaintza eta abar, normalean antsietate-esperientziaren parte dira estresatuta gaudenean.
Estresaren adierazpen psikologikoa da antsietatea eta egoera horietan kontziente garen guztia biltzen du. Izan ere, ez dugu ahaztu behar estresaren beste elementu batzuk ere badaudela eremu mentalaz haratago, goian aipatu dudan bezala.
Noiz bihurtzen da estresa kaltegarri?
Estresari estres txarra edo distresa deitzen zaio ez digunean egoerari moldatzen laguntzen; egoera arriskutsuei aurre egiteko lagungarri izan beharrean trabak jartzen dizkigunean. Estresa testuinguru desberdinetan ager daiteke eta kaltegarria izan daiteke gure osasunerako.
Zehaztuko ditudan ondorengo kasuetan, lagundu beharrean benetako arrisku bihurtzen da gure ongizaterako. Adibidez, estresa kroniko bihurtu eta denboran luzatzen denean. Estres-faktoreen eraginpean egoteak gure gorputza erlaxatzea eragozten du. Alerta egoera iraunkorrean mantentzen da, eta horrek osasun arazoak sor ditzake. Ondo dokumentatuta dago estres kronikoak negatiboki eragiten diola sistema immunologikoari (Sirera et al., 2006), sistema kardiobaskularrari (Razali, 2008; Smith eta Blumenthal, 2011) eta digestio-sistemari (Piqueras et al., 2008), adibide batzuk aipatzearren.
Estres post-traumatikoa
PTSD (trauma osteko estresaren nahasmendua) eragin posible digun beste estres-nahasmendu mota bat da. Egoera oso gogorra bizitzeak eragiten du etasintomak denboran irauten dute. Maite dugun norbaiten heriotza, istripu bat,ingurumen-gertaera bat, etab., eragin dezaketen egoeren adibideak dira.
Gure garunak arriskutsuak ez diren egoerak arriskutsutzat jotzen dituenean ereadaptagarria izateko gaitasuna galtzen du estresak. Gorputzak hautemandako arriskuari aurre egiteko prestatuz erreakzionatzen du benetako arriskurik ez dagoen arren. Hau tarteka gertatzen bada ez da arazo haundiegia baina askotan gertatzen hasi daiteke. Energetizatu egiten gara baina ez dugu deskargarik izaten eta antsietatez, urduri eta deseroso sentitzen gara. Horrek hainbat konplikazio sor ditzake, hala nola, estres akutuaren nahasmendua (TEA) edo errekuntza, estres handia raginez.

Estresarekin lagun zaitzaket.
Psikoterapia estresa kudeatzen ikasteko eta haren ondorio negatiboak gutxitzeko aukerarik onenetarikoa da. Jatorria argi badago, modu osasuntsuagoan gestionatzen lagunduko dizut. Eta jatorria ezezaguna bada, terapiaren bidez azpiko kausak argituko ditugu sintomak hobetuz. Estresa jasaten ari bazara ez izan zalantzarik nirekin harremanetan jartzeko.
Hasiko al gara?
Elkar ezagutzeko lehenengo saio bat egin nahi?
